Datu-bankua

Nola erabili Gipuzkoako Gizarte Behatokiaren Datu Bankua

Gipuzkoako Gizarte Behatokiaren Datu Bankua ondorengo gaikako moduluetan banatzen da: Gipuzkoako datuak, Demografia eta testuinguru sozioekonomikoa, Premia sozialak, eta Gizarte Zerbitzuen Sarea. Horietako modulu bakoitza azpi-moduluez osaturik dago eta hauek, aldi berean, informazio guztia biltzen duten aginte-koadro desberdinez. Gainera, Datu Bankuak udalerrietako aginte-koadro espezifikoak dauzka “Udalen datuak” atalean, eta epe ertainera, aginte-koadro osagarriak argitaratzea aurreikusten da “Adierazle aurreratuak” atalean.

Aginte-koadro bakoitza Tableau Desktop programaren bidez landu da, eta horrek adierazle ugari kontsultatu eta filtratzea ahalbidetzen du, aldagai batzuen arabera (eskualdea, udalerria, urtea, sexua, adina, etab.). Egindako kontsultak desegin eta berregin daitezke, baita hasierako aukeraketa berrezarri ere.



Datuak udalerri eta azpi-eskualdeen mapetan ikusi daitezke, edota taula eta grafikoak erabiliz, erabiltzaileek dituzten premien arabera. Modu honetan, norberak garatu ditzake behar dituen mapa, taula eta grafikoak aginte-koadro bakoitzean dagoen informazioa erabiliz. Mapa eta grafiko bakoitzaren puntu batean kurtsorea kokatuz, eskuragarri gertatzen da puntu horren inguruko informazioaren kontsulta. Osagarri modura, aginte-koadro bakoitzak informazio zehaztua biltzen du erabilitako adierazle eta aldagaien definizio eta iturrien inguruan.

Mapa, grafiko eta taulak bistaratzeaz gain, programak ikusitakoa formatu desberdinetan deskargatzeko aukera ematen du, ondoren erabili ahal izateko. Deskarga burutzeko nahikoa da aginte-koadroan ikusi nahi den osagai bat aukeratzea. Aginte-koadroaren azpialdean dagoen menutik edukia deskargatu daiteke pdf artxibo gisa, irudi bezala (png formatuan)edo kalkulu-orri moduan (csv formatuan), datu eta tabulazio gurutzatuen kasuan. Halaber, aginte-koadro bakoitzari dagokion artxiboa deskargatu daiteke “Libro de trabajo de Tableau” aukera sakatuz. Artxibo hau ireki ahal izateko, beharrezkoa da doakoa den PCrako aplikazio bat instalatzea (Tableau Reader), “Obtener la aplicación” aukeraren bitartez.  



Aurrekoaz gain, garatutako grafiko, taula eta mapak partekatzeko aukera dago sortutako esteka baten bidez eta sare sozial nagusien bitartez (Facebook eta Twitter). Gainera, programak bertan sortzen duen HTLM kodea erabili daiteke, informazioa beste webgune batean txertatzeko. 



Une honetan (2015eko otsailean), Gipuzkoako Gizarte Behatokiko aginte-koadro gehienak garatuak daude. Halaber, badaude oraindik aktibo ez dauden hainbat aginte-koadro, hurrengo hilabeteetan osatuz joango direnak. Era berean, etengabe berritzen joango da aginte-koadroetan azaltzen den informazioa, betiere, informazioa lortzen duten iturriek datuak berritzen dituzten heinean.

*Oharra: adierazle hauen irudikatzeak sortzeko erabili den programak ez du euskarazko bertsiorik, ondorioz, programak automatikoki ezartzen dituen hainbat kontzeptu gaztelaniaz daude soilik.